
Konputazio kuantikoa ohiko konputagailuek baino azkarrago problema konplexuak konponduko dituela agintzen duen teknologia gisa sortu da. Hala ere, konputazio kuantikoak izaera nahasia du, eta, ondorioz, kosta egiten zaio zer den eta zertan datzan ulertzen saiatzea ere. Webgune honen helburua da konputazio kuantikoa Lanbide Heziketara hurbiltzea eta hasiberrientzako gida bat eskaintzea, mundu honetako oinarrizko kontzeptuak ulertzen laguntzeko.


2023ko martxoaren 24an Basque Quantum aliantza aurkeztu zen. Iñigo Urkullu lehendakaria, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputatu nagusiekin, Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuarekin eta IBMko arduradunekin batera, aliantza aurkezteko ekitaldiaren buru izan zen. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta IBMk bultzatutako proiektua da, eta Euskadin teknologia kuantikoei buruzko ikerketa-zentro bat garatuko du. Horrela, Euskadik IBM Quantum System One ordenagailua hartuko du, munduko seigarren super-ordenagailu kuantikoa, IBMk bultzatutako nazioarteko sare bati lotua. Estatu Batuetan, Alemanian, Japonian, Kanadan eta Hego Korean ere bai.
Guztira, Basque Quantum proiektuak 120 milioi eurotik gorako zuzeneko inbertsioa aurreikusten du 2028ra arte.
Aliantza horren iragarkiak bultzatu du mundu kuantikoa EAEko LHra hurbiltzeko saiakera; haren ustiapena eta aplikazio praktikoa iristen direnean, prest egongo dira.