Javier Aizpurua, BasQ - Basque Quantum estrategiaren Zuzendari Zientifikoa

19/12/2023

Javier Aizpurua irakasleak BasQ - Basque Quantum Estrategia garatu eta hedatzeko zuzendaritza zientifikoa hartu du bere gain



Javier Aizpurua zientzialaria BasQ - Basque Quantum Estrategiaren zuzendari zientifiko izendatua izan da. Donostia International Physics Centerreko (DIPC) Ikerbasqueko Ikerlari Irakaslea denak hemendik aurrera Basque Quantum Estrategiaren garapena eta hedapena bultzatu eta pilotatzeko erronka hartuko du bere gain. Aipaturiko estrategia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gidatzen du, hiru foru aldundien inplikazioarekin.

Javier Aizpuruak Euskadi Ikerketa Saria jaso zuen Lehendakariaren eskutik joan den ekainean, eta "Nanofotonikaren Teoria Taldeko" ikertzaile nagusia da. Jarduera hori Donostiako Materialen Fisikako CSIC-UPV/EHU Zentro Mistoan garatu du orain arte. Zentro horretan argiaren eta nanoeskalako materiaren arteko elkarreragina aztertzen ari zen maila teorikoan, eta orain DIPCtik jarraituko du jarduera hori bateratzen. Aizpuruak hainbat ikerketa-zentrotan osatu du bere ibilbidea, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatekoetan, Suediako Chalmerseko Unibertsitate Teknologikoan eta Estatu Batuetako Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionalean (NIST). Nanoplasmonikaren inguruko 200 lan baino gehiago argitaratu ditu, bereziki arlo hauetan: nanoantenekin hobetutako mikroskopia eta espektroskopian, eta plasmonikako efektu kuantikoetan. Aizpurua irakaslea hainbat aldiz aintzatetsi dute Clarivate enpresako Zientzia Informazioko Institutuak (ISI) urtero ematen duen munduko zientzialari aipatuenen zerrendan.

BasQ

BasQ - Basque Quantum Estrategiaren helburua da Euskadi teknologia kuantikoetan ikerketa, talentu eta berrikuntzako ekosistema nagusi bihurtzea Europako hegoaldean. BasQ asmo handiko zeharkako estrategia bat da, eta honako xede hauek biltzen ditu: teknologia kuantikoen hainbat arlotan aurkikuntza zientifikoari modu aktiboan laguntzea; teknologia horien aplikazio praktikoan aurrera egitea eta hainbat enpresa-sektoretan erabilera eta ustiapena bizkortzea; negozio-aukera berriak sustatzea eta balio soziala sortzea; eta Euskadi goi-mailako kualifikazioa duten profesionalen erreferentziazko harrobi eta teknologia horietan nazioarteko talentu-polo bihurtzea.

BasQ-ren funtsezko elementu bat Euskadik IBMrekin duen aliantza garatu izana da, IBM Quantum sare globalean integratu den euskal ekosistema kuantiko hori bultzatu eta katalizatzeko. Batasun horren barne hartzen du konputazio kuantikoa onartzea, IBM-Euskadi Quantum Computational Center abian jartzearen bidez. Zentro honek Qiskit Runtime zerbitzuak emango ditu, Donostian ezarriko den 127 qubiteko IBM Quantum System One ordenagailuaren bidez.

IBMrekiko aliantza estrategikoaren oinarria Euskadin bikaintasun-zientziaren aldeko apustua bultzatzeko gaitasunak izatea da. Era berean, Euskadi konputazio kuantikoan trebatzeko eta erabilera-kasuak garatuz esperimentazio eta aplikazio industrialerako lurralde bihurtzea du helburu. Horregatik aukeratu du IBMk Euskadi konputazio kuantikoko zentroen nazioarteko sarearen seigarren nodo gisa (QCC, ingelesezko Quantum Computing Centres siglengatik), konputagailu kuantiko bat instalatzeko eta instalazio horren erabilerari lotutako jarduera-multzo zabal bat bertan hedatzeko. Aliantza hori ekimen estrategikoa da Euskadirentzat, konputazio kuantikoan IBMren lehentasunezko bazkide gisa. Etorkizuneko euskal apustu handietako bat da, zientzia Euskadin oparotasun soziala eta lehiakortasun ekonomikoa sortzeko zuzeneko bektore gisa kokatzen duena.



VER TODAS LAS NOTICIAS
linkedin facebook pinterest youtube rss twitter instagram facebook-blank rss-blank linkedin-blank pinterest youtube twitter instagram