Lanbide Heziketa Duala ikastetxeren eta enpresaren arteko mugak gainditzen dituen hezkuntza-eredua da. Eredu honi esker, ikasleek ikasketen zati bat ikastetxean egiten dute, eta beste zatia, berriz, enpresa edo erakunde parekatu baten barruan, ikaskuntza eta ekoizpen-jarduerak uztartuz.
Nola funtzionatzen du eredu Dualak?
Euskadiko LHko araudi berriaren arabera, enpresan gauzatutako ikaskuntza oinarrizko zutabea da zikloaren hasiera-hasieratik. LH dualak hiru modalitate hauek biltzen ditu:
1. Lehen mailako duala
Ikasleak lan-ingurune errealarekin duen lehen harremana da.
- Noiz egiten den: heziketa-zikloko lehen mailan.
- Iraupena: 128 ordu (16 egun inguru) adinez nagusi direnentzat, eta 112 ordu adingabeentzat.
- Enpresarekiko lotura: lankidetza-hitzarmen baten bidez formalizatzen da.
- Helburua: prestakuntza praktikoa modu progresiboan abiaraztea. Ikastetxeak eta enpresak ikaslearen potentziala hautemateko aukera dute, bigarren urtean modalitate intentsiboagoetan jarrai dezan.
- Ordainsaria: modalitate honek ez du ordainsaririk.
- Derrigorrezkotasuna: ikasleak modalitate hau edo dual intentsiboa egin behar du zikloa gainditu ahal izateko.
2. Dual orokorra
Ikasle gehienek parte hartzen duten modalitatea da.
- Noiz egiten den: heziketa-zikloko bigarren mailan, normalean hirugarren hiruhilekoan.
- Iraupena: erdi-mailako eta goi-mailako zikloetan 480 ordukoa izango da (420 ordu adingabeen kasuan); espezializazio-ikastaroetan, berriz, 270 ordukoa.
- Enpresarekiko lotura: lehen mailako dualean bezala, lankidetza-hitzarmen baten bidez bideratzen da. Ez dago lan-harremanik.
- Helburua: ikasgelan eskuratutako ezagutzak benetako ekoizpen-inguruneetan aplikatzea. Aukera ezin hobea da ikasleak bere gaitasun profesionalak gara ditzan, lan-merkatuaren funtzionamendua uler dezan eta bere enplegagarritasuna hobe dezan murgiltze progresibo baten bidez, aldez aurretik lan-kontraturik behar izan gabe.
- Ordainsaria: modalitate honek ez du ordainsaririk.
- Derrigorrezkotasuna: ikasleak modalitate hau edo dual intentsiboa egin behar du zikloa gainditu ahal izateko.
3. Dual intentsiboa
LH Dual Intentsiboaren xedea ikasleak lan-merkatuan sartzea erraztea da.
- Noiz egiten den: ikasleak lehen maila amaitzen duenetik aurrera has daiteke (oro har, ekainaren amaieran), baina bigarren maila hasita dagoela ekin diezaioketen kasu bereziak ere egon daitezke.
- Iraupena: zikloaren ordu guztien % 35 eta % 50 artean enpresan burutzen dira.
- Lotura: ikasleak txandakako prestakuntza-kontratu bat edo beka bat sinatzen du (azken hau 2028ra arte baliozkoa).
- Kontratuaren kasuan: ikasleak langabezia-egoeran eta Lanbiden izena emanda egon behar du; ordainsaria hitzarmen kolektiboan ezarritakoaren proportzionala izango da, edo, bestela, Langileen Estatutuak xedatutakoari jarraituko dio. Langabeziarako kotizatzen du.
- Bekaren kasuan: gomendagarria da ikaslea langabezian eta Lanbiden izena emanda egotea. Ordainsaria urteko LGSren (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) arabera kalkulatzen da. Ez du langabeziarako kotizatzen.
- Ordainsaria: ikasleak lan egindako denborarekiko proportzionala den soldata jasotzen du eta bere lan-bizitza Gizarte Segurantzan kotizatuz hasten du.
- Derrigorrezkotasuna: aukerako modalitatea da. Hau egin nahi duten ikasleek lehen mailako prestakuntza-modulu guztiak gaindituta izan behar dituzte.
Informazio ofizial gehiago nahi izanez gero, FP Euskadi Dual ataria kontsulta dezakezu.